Zer da? Zertan egiten du lan?

Etxerateko1 kideak euskal preso eta iheslari politikoen senideak eta lagunak gara. Senide izatea ez da hautazko egoera, espetxeak eta erbesteak inposaturiko egoera baizik. Hori dela eta, jatorri eta ideologia politiko ezberdinetako pertsonen bilgunea da Etxerat Elkartea.

Etxeraten barruan, senideen gehiengoa presoen senideak dira. 2001 urtean, Etxeraten sorreratik, 900 familia eta lagun inguruk pairatu dituzte preso zein  errepresaliatu politikoen egoeraren ondorioak. Adin eta egoera desberdinetako 12 000 bat lagun behartuta daude hilabetero gutxienez 600 eta 2200 km-ko bidaiak egitera, soilik euren gartzeleratutako senidea bisitatzeko. Gogoratu behar da bisitak preso zein familia ororen ezinbesteko eskubidea direla.  Dispertsio politika2 deritzo horri, eta duela 30 urtetik preso daudenei, eta hortaz, euren senideei aplikatzen zaien politika da.

Senideen artean sentsibilitate eta ideologia desberdinetako kideak daude, egoera hori ez dute aukeratu, aitzitik, egokitu egin zaie. Halaber, errealitate horrek ez du baldintzatzen elkartearen eginkizuna inondik inora, are gehiago, aberastu egiten du.

etxerat.eus

Etxeraten sorretatik, 2001 urtean, Elkartearen eginkizunak honakoak dira:

  • Senideei asistentzia, aholkularitza eta informazioa eskaintzen zaie; eta horrekin batera, eskubide urraketen salaketa3 egiten da. Dispertsio politikak4 hartzen du lanaren zati handi bat: asko dira bisitetarako bidaietan izaten diren istripuak eta ehundaka istripu hauen ondorioak pairatzen dituzten senideak. Bidaietan elkar laguntzen dute senideek: elkarrekin bidaiatu ahal izateko Andaluziarako autobusa zein furgonetak antolatuz, espetxeratze berriak edo lekualdatzeak daudenean espetxeko bisiten inguruan eta paketearen funtzionamenduaren berri emanez eta abar. Tramiteak zein bidaiak errazten dituzten alderdi guztiak.
    • Egoera mingarri horrek sortutako samina txikitu eta leuntzeko tresnak bideratzea: entzunak izateko espazioa. Bizipenak eta esperientziak elkartrukatzeko bilgunea da Etxerat, non egoera horiek ulertuak eta partekatuak izan daitezkeen, inongo aurreiritzirik edo aurrepaiketarik egin gabe. Bizitzaren alor guztiak ukitzen dituen egoera horrek fisikoki, ekonomikoki, psikologikoki, sozialki eta emozionalki eragiten die senideei. Beraz, espetxeratutako, erbesteratutako edota deportatutako senideekiko urruntze edo falta horrek inguratzen duen guztia modu integralean kontuan hartzen da, leuntzen saiatzeko5.
  • Lan esparruak: kanpo zein barne mailako salaketa burutzea6. Batetik, espetxean edo erbestean dauden pertsonek pairatzen dituzten eskubide urraketak eta egoera zehatzak publikoki salatzea (prentsa-oharrak, prentsaurrekoak, web gune eta sare sozialetan publikatzea). Bestetik, barne mailako harremanen bidez, GGEE, alderdi politiko, sindikal zein instituzioei begirako interpelazioak burutzea, nazio zein maila internazionalean (Europako Legebiltzarra eta abar), senideen testigantza zuzenak lau haizeetara zabaltzeko.

Logikoki, esparru bereko beste hainbat elkarterekin bildu ohi da Etxerat, hala nola, Jaiki Hadi, Amnistía Internacional, Salhaketa, Herrira, bere garaian, eta abar. Gainera, errepresaliatuen informazio juridikoaren berri zuzena izateko, presoen abokatuekin harremana mantendu ohi da. Funtzio guzti horiek modu ireki eta gardenean bete  dira.

ELKARTEKO KIDEEN AURKAKO ERASO JUDIZIAL ETA POLIZIALA

Etxeratek, bake eta erresoluzio egoera baten aldeko bidean, Gernikako akordioa7 sinatu zuen 2011n. Hor ETAri su etena eta indarkeriarik gabeko agertoki baten aldeko apustua egiteko eskatu zitzaion. Urte hartako urrian, ETAk behin betiko su etena8 iragarri zuen.

2010-2015 urteen artean  euskal preso politikoen kopurua 500-700 artekoa zen. Etxerat elkartea senide ahalik eta gehienekin harremana mantentzen saiatzen zen, zonaldeko bilkura zuzenen bidez, non espetxe barruan zeuden presoen eta haien senide eta lagunen  egoeraren eta arazoen jarraipena eta akonpainamendua egiten zen: kezkak, tristurak, nahiak, penak, minak eta abar entzunak izateko. Horretan zehazki lanean zebilen Izaskun Abaigar elkarteko kidea. Bera ere senide izandakoa, Araba eta inguruko senideekin egoten zen eta haien egoeren jarraipena egiten zuen, besteak beste.

2012 urteko Elkartearen Batzar Nazionalean, senideen behar eta eskaerei erantzunez, laguntza eta orientabide psikologikoaren beharra nabarmendu zen. Hartara, Nagore Lopez de Luzuriaga, senide eta psikologoa, lanean jarri zen elkartearen barruan, eskaera horri erantzuteko. Berak egiten zituen lanen artean, psikologia esparruko beste profesionalekin harremana mantentzen zuen, elkarteko senideentzat diseinatutako egitasmo psiko-soziala martxan jarri zuen, taldekako esparru terapeutikoak jorratzen zituen, besteak beste. Nagoreren kasuan gainera, senide zen aldetik, Etxeraten bozeramaile lanak ere egin izan zituen.

Bi kideok, elkarteko kide bezala, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalengana jo izan zuten elkartean zegoen egoera ezagutzera emateko, Etxeraten lana9 betetzeko, alegia. Bata zein bestea Europar Parlamentura, Eusko Legebiltzarrera eta Arartekoarengana jo izan zuten, 2015eko martxoaren 25ean atxilotu zituzten arte, Jaiki Hadiko bi kideren sarekada berean. Goardia Zibilak atxilotu zituen, bi egunez kalabozotan mantendu, eta Eloy Velasco epailearen aurretik pasa ziren egunean 15 000 euroko fidantzapean askatu zituen. Egun, 15 egunean behin sinatu behar dute eta ezin dute Espainiar estatutik atera epaileari jakinarazi Gabe eta haren baimenik Gabe.

Atxiloketen testuinguruari dagokionez, ukaezina da preso eta errepresaliatuen mezua oso txertatuta zegoela Euskal Herriko agenda politikoan. Haien eskubideen aldarria lau haizeetara zabaldua zegoen eta aldaketaren esperantzarako tartea zabalik zegoen: presoen salbuespen neurrien ezabatzea gertatzen ari zen, Parot dotrina10 kasu; dispertsioaren amaieraren eskaera gizartearen esparru zabalean jendarteratu zen.

Etxerat elkartearen eginkizuna, eta agenda hazi eta areagotu zen, senideen arteko esperantza giroa pizten ari zen: alderdi politiko gehienekin bilkura periodikoak, Europako hainbat ideologiatako alderdiekin hitzorduak, EAEko Lehendakaria zenarekin bilkura, Udal zein Legebiltzarretan aurkezteak, Espainia eta Frantziako zenbat eragilerekin hartu-emanak… Honek ezinbestean irakurketa politiko bat egitera garamatza: Estatu espainolak Auzitegi Nazionalaren bidez, Etxeraten lanari itzala kendu nahi izan zion, akusazio larriak egotziz, Elkartearen sona zikintzeko eta agenda baldintzatzeko. Finean, gatazka politikoaren eta bere ondorioen konponbidean trabak jarri eta eskubideen aldeko lana oztopatu nahi izan zen kontestu horretan.

Elkartearen lanari erreparatuz, modu zuzenean eragin zion maila profesional, pertsonal zein emozionalean. Etxeraten lana kriminalizatzeko saiakera argia izan zen, kanpora zein barrura begira. Are gehiago, Elkartean lanean jarraitzen duten kideen eta afektatutako bi kideen buruen gainean “Damoklesen ezpata” bat jarri zen, espetxe-zigor neurrigabe eta akusazio larri batzuk aurrean jarriz.

ETXERATEKO KIDEEN ESKAERA FISKALAK:

Nagore Lopez de Luzuriaga Comunión: 11 urteko espetxe zigorra talde terroristako kide izatea leporatuta.

Izaskun Abaigar Garcia de Azilu: 11 urteko espetxe zigorra talde terroristako kide izatea leporatuta.

    1. https://www.etxerat.eus/index.php/eu/
    2. http://sare.eus/orain-presoak/dispertsioa/
    3. https://www.etxerat.eus/index.php/eu/txostenak/urtekoa
    4. https://www.etxerat.eus/index.php/eu/txostenak/dosieres-eu
    5. http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/documentos_paz_convivencia/es_def/adjuntos/8-Informe-alejamiento.pdf
    6. https://www.etxerat.eus/index.php/eu/albisteak
    7. http://www.gernikakoakordioa.net/?page_id=26
    8. https://www.berria.eus/albisteak/46613/su_eten_egiaztagarri_iraunkor_eta_orokorra_aldarrikatu_du_etak.htm
    9. https://www.etxerat.eus/index.php/eu/txostenak/hilabetekaria
    10. https://www.argia.eus/albistea/20-preso-askatu-dituzte-aste-honetan
  1.  
  1.  
  1.