ABOKATUON LANA:

Presoen defentsa eta aholkularitza juridikoan lan egiten dugun abokatuak gara. Batik bat, Auzitegi Nazionalari dagozkion prozeduretan aritzen gara, baina baita espainiar estatuko epaitegi arruntetan eta Europako beste erakunde judizial batzuetan ere, hala nola Auzitegi Gorenean, Konstituzio Auzitegian edota Europako Giza Eskubideen Auzitegian.

Defendatu ditugun pertsonen giza eskubideen urraketen lekuko izan gara askotan. Inkomunikazioa eta torturaren praktika salatu dugu, espetxearen gehiegizko erabilera, kondena luzeak eta kondenak luzatzea, espetxeetan euskal presoei sistematikoki lehen gradua ezarri izana, isolamendua, estatuko espetxeetako bizi-baldintza gogorrak… Lehen eskutik ezagutu dugu defendatzen genituen pertsonen dispertsioa eta urrunketa, baita horrek eragiten duen defentsarako eskubidearen berme falta ere.

Hainbat eratan egin dugu salaketa hori: aukera zegoenean helegiteak jarri ditugu, epaitegietan salaketak aurkeztu, defentsa lanak egin ditugu, ezinbestekoa zenean agerraldi publikoak egin, baita txosten juridiko bidez egoera ezagutarazi ere hala eskatu zaigunean edota beharrezkotzat jo dugunean. Lankidetzan aritu gara Europa eta estatuko abokatu elkarteekin. AED eta ELDH Europako abokatuen elkarteetako kide gara, Eskubideak Euskal Abokatuen Elkarteko kide garen aldetik, eta modu aktiboan parte hartzen dugu gure Abokatuen Bazkunetako batzordeetan.

Gure lana beti izan da publikoa eta ezaguna.

ABOKATUEN KONTRAKO EKINBIDE JUDIZIAL ETA POLIZIALA

Gu atxilotu baino sei hilabete lehenago prentsaurreko bat eman genuen. Iritzi publikoari adierazi genion bagenekiela martxan zegoela gure aurkako ikerketa judizial edota polizial bat eta, deituak izanez gero, epaitegian aurkezteko borondatea adierazi genuen.

Hala eta guztiz ere, 2015eko urtarrilaren 12an 12 abokaturen kontrako atxiloketa agindua eman zuen Instrukzioko 6. Epaitegi Zentraleko buru Eloy Velascok; horrez gain, gure bulego profesionalak miatzeko agindua ere eman zuen. Gure jardun profesionalarekin eta gure bezeroen laguntza juridikoarekin zuzeneko lotura zuten egitateak burutzea egotzi zizkiguten: presoak bisitatzea, haien defentsa prestatzeko elkarrekin biltzea… Gure lana egiteagatik erakunde terroristako kide izatea leporatu ziguten, baita izaera ekonomikoko delituak ere (iruzur fiskala eta kapitalak zuritzea). Azken horiengatik ez dugu akusaziorik jaso.  

Horrez gain, gurekin batera, Herrira elkartearekin lotura zuten beste 4 pertsona ere atxilotu zituzten. Egun hartan, Guardia Zibilak Herrirako kide bat eraman zuen LAB sindikatuaren Bilboko egoitza miatzera. Bertatik diru kopuru handia eraman zuen Guardia Zibilak, Bilbon bi egun lehenago izandako manifestazio batean batutako dirua hain zuzen. Aipatutako manifestazioa presoen eskubideen alde lan egiten duen Sare kolektiboak antolatu zuen, eta dirua mobilizazioan parte hartu zuen jendearen borondateari esker lortu zen.

Polizia operazioan, aipatutako sindikatuaren egoitzaz gain,  abokatuen 3 bulego kolektibo, zenbait etxebizitza eta lokal miatu zituzten, denak atxilotuekin zerikusia zutenak.     

Urtarrilaren 13 eta 14an epailearen aurrera eraman gintuzten. Herrirarekin lotura zuten hiru pertsona espetxeratu zituen epaileak, eta gainontzekoak aske geratu ginen behin-behineko neurri zorrotzak ezarri ondoren. Honako neurri hauek ezarri zizkiguten:

– Pasaportea kendu eta estatutik irtetzeko debekua.

– Hilabetero epaitegian sinatu behar izatea.

– “Presoei bisita antolatuak” egiteko debekua.

– Gure kontu pertsonal zein bulego profesionaletako kontu korronteen blokeoa.

Halaber, Eloy Velasco epaileak Auzitegi Gorenari eskatu zion Iñaki Goiaga Llano abokatu eta garai hartan senatari zenaren kontrako ekinbideak has zitzala, gainontzekoei egotzitako egitate berberengatik hain zuzen.

ESKUBIDE URRAKETAK ETA ONDORIOAK:  

Gure jardunean ohikoa zaigu lanera joatea Auzitegi Nazionalera -atxiloketaren egunean bertan, adibidez, gutako batzuk Auzitegi Nazionalera joatekoak ginen defentsako abokatu gisa jardutera, bertan egitekoa baitzen hilabete batzuetako iraupena izango zuen epaiketa luze bat-; gainera, jakin bagenekienez ikertu gisa azaltzen ginen prozedura bat zegoela, deituak izanez gero epaitegira azaltzeko  borondatea adierazi genuen hilabete batzuk lehenago. Hori dela eta, gure atxiloketa erabat neurriz kanpokoa izan zen, inongo justifikaziorik gabea, eta ez zen beharrezkoa.

Kasu honetan, atxiloketek, atxilotutako pertsonen askatasunerako eta intimitaterako eskubideez gain, zuzenean eragin zieten gure bezeroen defentsarako eta laguntza juridikorako eskubideei: sekretu profesionala eta bezeroei dagokien benetako babes judiziala urratu ziren, Hernani, Bilbo eta Iruñeko abokatuen bulego kolektiboetan egindako miaketak zegokion bermerik gabe egin baitzituzten. Miaketa horietara atxilotuetako bakarra eraman zuten, eta horren aurrean miatu zituzten bere lankideen bulegoak, haiek aurrean egon gabe; indarrean zeuden sumario eta zigor-prozeduren inguruko informazio konfidentziala konfiskatu zuten bulego horietan; horrez gain, bezero presoek atxilotutako abokatuei bidalitako posta pribatua irakurri eta erregistratu zuten.

Egoera horren ondorioz, zenbait eragile juridikok gertaeraren inguruko kezka agertu zuten, tartean Espainiako Legelarien Kontseilu Nagusiak1 (kexa helarazi zion Auzitegi Nazionalari), Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak2 (iritzi publikoari zuzendutako gutunean atxiloketak eta horiek eragindako eskubide urraketak arbuiatu zituen) eta AED-ELDH abokatuen Europako elkarteek3 (polizia-operatiboaren aurrean, haien asaldura adierazi zuten). Horrez gain, abokatuen beste elkarte batzuen babesa ere jaso genuen, besteak beste Foro de Abogados de Izquierdas-Red de Abogados Demócratas (FAI-RADE)4, la Asociación Gremial de Abogadas y Abogados de la Argentina5 eta L’Associazione nazionale dei giuristi democratic6 elkarteena.

 

    1. 5-01-16 Deia. Abogados españoles denuncian el arresto de los letrados vascos (2)
    2. 2015-01-16 Deia. Artículo
    3. Statement on arrest of 12 Lawyers – 12th January 2015
    4. Foro Abogados de Izquierda
    5. NO ENCARCELAR LA DEFENSA PENAL_Gremial de Abogados
    6. Giuristi Democratici