Berriz ere egingo nuke!

Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa. Horietako 11 nafarrak gara. Eta leporatzen digutena zera da: euskal presoen eskubideen alde lan egitea.

Bost eta sei urte igaro dira atxilotu, gutako batzuk espetxeratu, eta denak auzipetu gintuztenetik. Orain, 601 urte arteko espetxe zigor eskaera egin du fiskalak gure aurka. 

Gure galdera honakoa da: Zer egin dugu epaituak izateko eta espetxeratzeko arriskuan egoteko?

   – Presoen eta erbesteratuen osasunaz arduratu gara.

   – Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu.

   – Presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa egin dugu, epaitegietan nahiz espetxeetan.

  –  Presoen eta erbesteratuen senide bezala antolatu gara, ezarri zaigun zigor gehitua arintzeko.

  – Preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egin ditugu, haiek ere gizarteko sektore ezberdinekin harremanak izateko. 

Hau izan da gure lana. Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin.

Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure inguru hurbilekoenak. Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta, finean, maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da, ez dugu ukatuko. 

Epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiek bere horretan diraute 2019. urtean. Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urtetan luzatutako gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten, estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez. Egin genituen aldarrikapenei lotzen gatzaizkie epaituak izango garen honetan.

Gauzak horrela, makroepaiketa hau dela-eta haserre eta suminduta zaudeten guztioi, zuen babesa eta elkartasuna adierazi diguzuen guztioi, dei egiten dizuegu mobilizazio batera etortzera, hemen, Iruñeko Burgoen plazan, uztailaren 5ean, arratsaldeko 7etan. Epaiketaren kontra protesta egiteko ekitaldi bat izanen da, baina, era berean, baliatu nahi dugu esateko oso harro gaudela egin genuen lanaz, eta berriz egingo genukeela.

Era berean, dei egiten dizuegu irailaren 14an, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari. Manifestazio honek parte-hartze handia eta askoren babesa izan dezan, eremu ezberdinetako pertsonekin batera manifestu bat aurkeztu dugu, eta zuen atxikimendua eman ahal duzue www.11-13makroepaiketa.eus webgunean. Bertan aurkituko dituzue, halaber, epaiketari buruzko informazioa eta kanpainarako euskarri guztiak.

Amaitzeko, nabarmendu nahi genuke epaiketa honek ekarriko digun zigor ekonomikoaren neurria. Epaiketa luzea eta garestia izango da, eta 340.000 euro inguruko gastuari aurre egin beharko diogu (7.200 euro gutako bakoitzeko), besteak beste laguntza juridikoa, joan-etorriak eta lojamenduko gastuak ordaintzeko.

Babes ekonomikoa azaldu nahi duen herritar orok laguntza emateko aukera izango du kontu korronte honetan:

LABORAL KUTXA ES82 3035 0057 9205 7005 9033