ELKARTASUNA ELKARTASUNARI

Irailaren 16an hasiko da 11-13 sumarioan auziperatuak gauden 47 euskal herritarren aurkako epaiketa eta Madrilera joan-etorrian ibiliko gara gutxienez hiru hilabetean. Espetxe zigor eskaera handiak egin dituzte gure aurka eta horrek ondorio pertsonal nabariak ditu gutako bakoitzarengan. Halaber, prozesu judizial luze honek dakarren karga ekonomikoa ere itzela da, eta, gaurkoan, horretan jarri nahiko genuke arreta.

Hemen dituzue epaiketa honek eragingo dizkigun gastu nagusiak datutan:

  • Gastu juridikoa (abokatuak eta prokuradoreak): 236.440 euro
  • Garraioa (auziperatuak, abokatuak, lekukoak): 28.950 euro
  • Estantzia (auziperatuak eta lekukoak): 72.072 euro
  • GUZTIRA: 337.462
  • Auziperatu bakoitzeko: 7.180 euro.

Langileak gara. Gutako askok zailtasun handiak izango ditugu epaiketa honek suposatuko digun galera ekonomikoari aurre egiteko. Hau gutxi ez eta epaiketa honek gure bizitza laboralean ere eragin handia izango duela gauza jakina da. Madrilerako joateko eszedentziak, lizentziak edota opor egunak eskatu beharko ditugu, eta langabezian daudenek arazo handiak edukiko dituzte, hemendik eta epaiketa amaitu arte, soldatapeko lan bat aurkitzeko.

Ez gara lehenak. Gertutik ezagutu eta sentitu ditugu, gure aurretik, egoera bera jasan behar izan duten ehunaka euskal herritarrek bizitako egoerak. Halakoetan, gure aletxoa ere jarri dugu herritar horiei ekonomikoki ere laguntzeko, baina orain gu gara ataka horretan gaudenak, laguntza eske gatozenak. Ez da erosoa dirua eskatzen ibili behar izatea, baina sinistuak gaude, egoera zailean dagoenari lagundu behar zaion bezala, egoera zailean dagoenak ere laguntza eskatzen jakin behar duela. Elkartasuna emanez eta jasoz egiten baita.


Horretarako, honako kontu korrontea ireki dugu, aukera eta borondatea duen horrek bere ekarpena egin dezan:


LABORAL KUTXA ES82 3035 0057 9205 7005 9033

Donazio atalean


Jasotako ekarpen guztiak izango dira ongi etorriak eta bihotzez eskertuak.