GIZA ESKUBIDEAK. DEMOKRAZIA. ETORKIZUNA

2013ko udazkenean Herrira mugimenduaren aurkako polizia-operazioa jarri zen martxan. Ondoren, atxiloketa gehiago etorri ziren: EPPK-ko presoen defentsaz arduratzen ziren abokatuak, kolektibo horren kanpo bitartekariak, Etxerat senideen elkarteko kideak eta Jaiki Hadi osasungintzako elkarteko kideak ere:
Orotara 48 lagun. Hauetako batzuk –hamaika, hain zuzen ere- behin-behinean espetxeratuak izan direlarik.

Orain gutxi auzi honen fiskala eta akusazio partikularren idazkiak eta zigor- eskaerak ezagutu ditugu: Guztien baturak, ia 600 urtetako espetxe zigorra barnebiltzen du. Kezka handiz jasotzen ditugu eskaerak eta gertaeren larritasunaz ohartarazi nahiko genuke. Izan ere, 2017ko udazkenean, pertsona hauen bizitzak
bidegabekeri judizial eta polizial baten mende dirauten bitartean, arduraz ikusten
dugu gisa hontako makrosumarioen existentziak egungo Euskal Herriko bizitza
sozial eta politikoan izan dezaketen eraginaz, are gehiago egungo testuinguruan.
Aztoratzen gaitu arazo politikoen aurrean soluzio politikoei bide eman baino,
espainiar Estatuak errepresioaren hautua egitea soilik. Demokrazia eskaerei
salbuespeneko legedi eta neurrien bidez erantzuten ari zaio estatua eta horren
lekuko gara azken asteotan.
Herritarrek, bere aniztasunetik, arazoei aurre egiteko parametro demokratiko eta
baketsuen bidetik jarraitzeko nahia adierazten dute baina oraindik ere tamaina
honetako gehiegikeri antidemokratikoak pairatzen dihardugu.
“Terrorismo” delitua egozten zaie pertsona hauei, 2012,2013 eta 2014 urteetako
jarduerengatik, hots ETAk 2011ko urrian jardun armatua bukatua zuelarik eta
zigor eskaera larriak jaso dituzte. Guk, giza eskubideen alde, konponbidearen eta
bakearen alde lan publiko eta transbertsala garatu dutela diogu, gainerako
jendartearen sektore eta eremu ezberdinetako pertsona eta eragileek esan
dezaketen bezala. Bakearen alde lanean aritzea ezin da inolaz ere delitua izan.
Beharrezkoa da eta euskal jendartearen babes zabala dauka; baita nazioarteko
erakundeen bermea ere.

Are gehiago: Azken urteetan bakegintzan emaniko urratsak asko izan dira:
Apirilaren 8-an “Bakearen artisauek” sustaturik ETA-ren armagabetzea gauzatu
zen; azken urteetako ibilbideari jarraiki, uztailean EPPK-k bere eztabaidaren
ondorioen berri eman zuen, besteak beste, “legearen bidea erabiltzea haien
askatasuna eskuratzeko” bide bezala adieraziz; biktima ezberdinen aitortza eta
elkarkidetzan urratsak eman dira, eta ematen jarraituko dira; eragile sozial,
sindikal, politiko eta instituzionaletan konponbidearen aldeko agendak
partekatzen ari dira. Herri honen nahia, bakean eta demokrazian sakontzea da.
Sinesgaitza da panorama honen baitan preso eta iheslarien egoera positiboki ez
aldatzea. Soluzio politikoaren bidean kartzelak eta erbesteak hustutzeko garaiari
heldu behar diogu, guztiok. Urgenteki, presoen eta haien senide eta inguru
hurbilaren giza eskubideen errespetatzea exijituz. Egun aplikatzen den
salbuespeneko espetxe politikak modu nabarmenean urratzen dituelako. Eta ez
dugu eskubide urraketa gehiagorik nahi, ez presoentzat ez inorrentzat. Nahikoa
sufritu dugulako herri honetan. Herri honek etorkizun hobea nahi eta behar
duelako.
Pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izan daitezela nahi duen
jendarte batek ezin ditu honelako urraketak onartu. Osasun artatzea, defentsa
egokia jasotzea, jardun politikorako ahalmena eta harreman afektibo eta sozialak
garatu ahal izatea ezinbesteko eskubideak dira. Eta horrelako auzien bitartez,
modu larrian kolpatuak izan dira.
Bakegintza eta soluzio proaktiboekin konprometituak jarraitzeko beharra dugula
adierazten digute honelako injustiziek. Jendarte zibilak protagonismo nagusia
behar duelakoan gaude, sigla eta ezberdintasun ideologikoen gainetik, ahalik eta
herritar zein talde gehiagorekin lan egiteko erabakiari aktiboki helduko diogu; eta
auzi hontako lagun guztiak ekinbide horretan arituko dira baita.

Euskal jendarteari- bereziki eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialei-
agenda partekatu baten baitan lanean jarraitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu.

Eta herrietarrei, bere ahalegin propiotik zein euren eragin esparruetatik, bide
berari atxikitzeko bitartekoak eskaintzea nahiko genuke. Besteak beste, izaera
hontako bidegabekeriekin amaitzeko. Guk- 48 pertsona hauek barne-, euskal
jendartearekin batera garatu asmoz, honako konpromiso aktiboa azaltzen dugu:
Giza eskubide guztiak errespetatzea, jarduera demokratiekoetan sakontzea eta
bake integral bat eraikitzea.