11-13 sumarioko Auziperatuon mezua

Ezer baino lehen zinez eskertu nahi dugu azken asteotan gure herri eta auzoetan
sentitzen ari garen berotasun eta hurbiltasuna. Asko eta asko izan dira gutako bakoitzak
jaso dituen elkartasun keinuak, berdin gure familietan, koadriletan, lantokietan, parte
garen kolektibo eta komunitateetan, mugitzen garen kaleetan eta bizi garen auzo eta
herrietan. Elkartasun adierazpen bakoitzak gure gogo-bihotzak goxatu ditu. Babestuak
eta zainduak sentitzen gara. Hurbil ditugun pertsona horiei guztiei bihoakie gure
maitasuna eta esker ona.
Epaiketaren datak gainera datozkigu eta buru-belarri lanean jarri gara. Aste honetan
bertan polizia gutako askoren etxeetara etorri da Espainiako Entzutegi Nazionalaren
zitazioa ematera. Beste kasu batzuetan komisariara deituak izan gara, zitazio hau
bertan jasotzeko. Aurrez gure abokatuei jakinarazi zitzaien bezala, orain guri zuzenean
jakinarazi digute irailaren 16an hasiko dela Espainiako Entzutegi Nazionalean gure
aurkako epaiketa.
Auziperatuok kezkaz bizi dugu makroepaiketa honek suposa dezakeena, baina ilusioz
eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre
egiteko. Horretarako, lantaldeetan antolatu gara eta koordinazio bilerak egiten
dihardugu, epaiketak berarekin dakarren lan eskergari ahalik eta ondoen aurre egiteko.
Elkar hartuz eta zainduz modu kolektiboan erantzungo diogu jazarpen honi guztiari.
Batetik epaiketa ondo prestatzeko beharrezkoak diren zereginetan murgilduak gaude
jada (lekukoak, defentsari dagozkionak, azpiegiturak, garraio bitartekoak e.,a.). Bestetik,
epaiketak suposatuko digun galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak aztertzen
ari gara. Eta azkenik, epaiketa honen bidegabekeria ikaragarria salatu, jasotzen ari
garen elkartasun guztia antolatu eta epaiketa honen oinarrian dagoen preso eta
erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz mobilizazio herritar indartsu bat
abiatzeko prestaketak ere abiatu ditugu.
Ekinbide ezberdinak ditugu esku artean, eta ekainaren 1ean Donostian egingo dugun
agerraldian emango ditugu xehetasun guztiak.